Euskal eredu ekonomikoaren norabide aldaketa sakon baten alde

Hau ez da gure herriak jarraitu behar duen bidea, gure eredu ekonomikoaren norabide aldaketa sakon bat behar dugu. Euskal erakundeek, merkatuei, transnazionalei eta megaproiektuei ematen diote lehentasuna, europar funtsak jasotzeko estrategikotzat jo diren proiektuen zerrendak agerian uzten duen bezala. Gutxiengo baten mesedetan eta gehiengoen kaltetan jokatzen duen eredu bat. Azken finean, langileak, autonomoak, baserritarrak, merkatariak, ETEak, etb., alde batera uzten dituena, bizitzak prekarizatuz dihoazen bitartean krisiaren momento kritiko honetan.

COVID19arengatik markaturiko testuinguru honek azalaratzen ari den alarma seinale guztiei jaramonik egiten ez dien eredu bat: pandemia eta kolapsatze ekologikoari aurre egiteko ezgaiak diren merkatu globalen zaurgarritasun erabatekoa; mota guztietako laguntza publikoak jasota ere, enpresak itxi eta langileak kaleratu lehentasunezko aukera bezala daukaten nazioarteko kapitalen lurrunkortasuna; multinazionalen hauskortasuna, bizirauteko esparru publikoarekiko erabateko beharra daukatenak; eta, azkenik, bizitza benetan sostengatzen duten eremuen gailentasuna -publiko zein komuna dena, lana eta zaintzak, alegia-.

Ikasketa hauetariko bat ere ez da barneratzen, denak baztertzen dira, mugiarazten dieten interes korporatiboen kontra egitea suposatuko lukeelako. Horrexegatik, hain zuzen, eredu honen norabide aldaketa sakon baten alde presioa egin eta mobilizatu beharra daukagu. Euskal Herriak kapitalari planto¡ plataformatik kanpainia bat martxan jarri dugu zentzu honetan, “euskal eredu ekonomikoaren norabide aldaketa sakon baten alde” lelopeko manifestuarekiko atxikimendu-bilketatik abiatzen dena. Manifestu honek badauka jada 60 erakunderen eta unibertsitateko 150 irakasleren babesa, eta mobilizazio zein eragin politiko, sozial eta mediatikorako hamaika ekimenen oinarria izango da.

Hurrengo proposamenen bitartez laburbiltzen dugun norabide aldaketa:
1. Aliantza publiko-komunitarioan oinarritutako trantsizio ekologiko eta digitala
2. Funtsezko zerbitzuen eta esparru estrategikoen izaera publikoa indartzea
3. Ekonomiaren birlokalizazioa eta ETE, autonomo, tokiko merkatari, baserritar eta ekonomia solidarioaren lehentasunezko sustapena
4. Enpresa handien jardueraren arauketa sakona eta lan-, gizarte- zein ekologia-klausulen ezarpena
5. Pandemiari aurre egiteko behar beste hornitutako osasun publiko baten defentsa, zientzia-erkidegoaren adostasun zabaletan oinarritutakoa
6. Europar funtsen izaera neoliberalaren salaketa

Garaiz gaude oraindik. Has gaitezen bihar bertan Gasteizen eztabaidatzen diren Europar finantziazioa eskuratzeko lehentasunezko proiektuei buelta emanez. Badaukagu denbora oraindik, jar gaitezen lanean.