
Guztiok ez dugu galtzen COVID19arekin. Langileok, komertzio txikiek eta orokorrean, jendeak, gure bizi baldintzak okertzen ari direla ikusten dugun bitartean, Amazon bezalako enpresek euren etekinak handitzen dituzte. Alderantzizko korrelazio hau ez da kasualitatea, erlazio zuzena dute. Baina… ¿Zergatik diogu hau? ¿Nola eragiten digu Amazonek gure egunerokotasunean?
• Tokiko merkataritzaren eta ekonomiaren zirkuitu hurbilen suntsipena dakar. Transnazionalek gure herri eta auzoetan dituzten eraginak oso larriak dira, izan ere, enpleguak sortzen dituzten enpresa txikiak irensten edo desagerrarazten dituzte. Horrek, enplegua suntsitzeaz gain, auzoetako bizitza komunitarioan ere eragin negatiboa dakar. 2008 eta 2016 artean, 5000 denda itxi dira EAEn. Komertzianteen esanetan, transnazionalen eraginak, igande eta jai egunetan irekitzeak eta online erosten diren produktuen gorakadak eragin zuzena izan dute. Marka handiek bultzatutako Black Friday bezalako egunak horren adibide garbia dira.
• Langileok prekarietatera kondenatzen gaitu. Ekonomiaren tertziarizazio bortitza eta lan merkatuaren desregulazioa langileon eskubideen kontrako erasoak dira. Amazonek, etekinak handitzeko, lan esku merkea ezinbestekoa du. Nola egiten duen hori? Prekarizatzeko formula berriak erabiliz, hala nola, lan harremanen uberizazioa aplikatuz edota autonomo faltsuak kontratatuz.
• Gure datu pertsonalekin negozioa egiten dute. Google, Facebook eta Amazon bezalako enpresek datu pertsonalen kudeaketa eta salerosketa jarri dute negozioaren erdian. Gure gaineko kontrol soziala dute, gure intimitatea ere kontrolatuz.