Europako Berreskuratze-funtsak: Itxurazko aldaketa berde eta digitala

Hego Euskal Herrian zertarako erabiliko diren jakiteko eskuliburua
Pandemiak are larriago bihurtu duen egungo krisi sakon honetan, berreskuratze-funtsak dira Europar Batasunaren erantzun nagusia. Eredu ekonomiko berdeago, digitalago eta erresilienteago baterako bidean laguntzea omen da funtsen egitekoa, hazkunde iraunkorra, kohesioa eta berdintasuna helburu direla.

Baina bertsio ofizial hori pitzatzen hasten da elementu hauek aztertu ahala: zer proiekturi eman zaien lehentasuna, zer eragile diren protagonistak, zer kudeaketa-eredu ari diren erabiltzen eta zer baldintza dakartzan berekin Next Generation EUk, berreskuratze-programaren ekimen aitzindariak. Ikuspegi
objektiboago batetik begiratuta, Europako funtsak ez dira gure gaitz guztiak sendatuko dituen pagotxa, baizik eta gure kontinenteko enpresa handiak erreskatatzeko premiazko ahalegina, etortzear dugun kolapso ekologikoari, digitalizazioari eta AEBak eta Txina nagusi dituzten merkatu globaletara egokitzeko
beharrari aurre egiten laguntzeko sortua. Jakina, langileen interesen eta ongizatearen kontura egingo da hori guztia, ohi den bezala.

Beraz, zabaldu egin behar da politika zalantzagarri horri buruzko eztabaida, hari so egongo baita datozen urteotako agenda. Eskubidea dugu informazioa jasotzeko, zer eredu ekonomiko nahi dugun eta zer neurri ezarri behar diren erabakitzeko, are gehiago egungo egoera erabakigarri honetan, non aldatzen ari baitira gure gizarteak euskarri dituen oinarriak. Zoritxarrez, gure erakundeetatik jasotzen duguna ez dira eztabaida eremu burujabeak, baizik eta mezu sinplistak, ezkutukeria eta opakutasuna, demokrazia bahiturik daukaten bitartean.

Bidegabekeria horri erantzuteko gure ekarpen apala egitearren, eskuliburu hau argitaratzea erabaki du Euskal Herriak Kapitalari Planto plataformak. Hor daude jasota, ahalik eta modurik pedagogikoenean, Europako funtsei buruzko ohiko zalantzak. Espero dugu lagungarri izatea eskuliburua eztabaidaren egungo esparru urria zabaltzeko, eta elkarrengandik bereizteko programaren benetako izaera eta etengabe kontatzen diguten istorio melenga. Bederatzi galdera eta bederatzi erantzun ditu eskuliburuak. Lehenbizi, Europako funtsen gaineko funtsezko gakoak azaltzen ditu: zer helburu dituzten, zenbateko finantzaketa behar duten, nola kudeatzen diren, zein diren haien onuradun nagusiak eta zer aldaketa dakarten berekin. Programaren ezaugarriak aurkeztu ondoren, eragin ditzakeen inpaktuak aztertuko ditugu eta, azkenik, zenbait alternatiba proposatuko. Gure iritzian, alternatibak bultzatu behar dira, betiko sistema bidegabea eta jasanezina berdez, morez eta itxurazko elkarlanez margotu beharrean, eta irmoki bat egin bizimodua antolatzeko eredu bidezko eta jasangarri baterako trantsizioarekin.

Esan dezagun, bestalde, 2021eko maiatzaren 20an amaitu zela eskuliburu hau idazteko lana, zeina ez baita izan guk nahi genukeen bezain zeregin samurra. Prozesu osoan nabarmendu den gardentasunik eza «plan nazionalera» ere hedatu da. Plan horri dagokio azaltzea zer inbertsio eta aldaketa egin behar diren Espainiako Estatuan. Baina apirilaren 30ean aurkeztutako Plan de Recuperación, Transformación y Resiliencia España puede (Espainiak ahal du. Berreskuratze-,
eraldatze- eta erresilientzia-plana) testuaren 2.052 orrialdeek ez dute zehazten ez proiekturik, ez baldintzarik; aitzitik, anbiguotasunetik eta araubidetik nahiko eta sobera dute. Ziurgabetasun- eta opakutasun-giro horretan, Eusko Jaurlaritzak bere Euskadi Next 21-26 plana aurkeztu zuen maiatzaren 18an, ustekabean aurkeztu ere. Espainiako gobernuari zenbait zifra eta lehentasun aldatzeko eskatzen dio Jaurlaritzak plan horren bidez —eskematikoki eta generikoki—, gizarteak prozesuan esku hartzeko inongo formularik aipatu gabe. Laburbilduz, ez du uzten prozesua osorik ikusten, tantaka argitaratzen baitu informazioa. Hala eta guztiz ere, funtsezkoa iruditzen zaigu Europako funtsei buruzko eztabaidarako eta gogoeta kritikorako txosten bat izatea Hego Euskal Herriko herritarrek.

>> JAITSI TXOSTENA <<